Euskara ikastea doakoa izateko lege bat proposatu du EH Bilduk

Rebeka Ubera lege proposamena aurkezten
EH BILDU
Actualizado: miércoles, 17 octubre 2018 13:14

GASTEIZ, 17 (EUROPA PRESS)

EH Bilduk lege proposamena aurkeztu du asteazken honetan Eusko Legebiltzarrean, euskara eta gaztelania ikastea doakoa izan dadin "B2 mailaren pareko jakintza lortu bitartean". Rebeka Ubera legebiltzarkideak azaldu duenez, "funtsean, Gernikako Estatutuan eta Euskararen Legean jasota dagoena betetzea planteatzen dugu. Ez gehiago, baina ez gutxiago".

Bere hitzetan, Estatutuak eta Euskararen Legeak "argi eta garbi diote" herritar guztiok euskara jakiteko eskubidea dutela, eta Eusko Jaurlaritzak "euskararen ezagutza ziurtatzeko behar diren neurri eta baliabideak" bideratu behar dituela, "baina gaur egun hori ez da hala gertatzen". Horrela, "legeak jasotzen dituen eskubide teorikoak praktikara eraman nahi ditu" EH Bilduk proposatu duen legearen bitartez, alegia, "hizkuntza ofizialak ikasteko doakotasuna bermatzea".

EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du derrigorrezko irakaskuntza aldiak ez diela ikasle guztiei bermatzen "euskaraz nahikotasunez aritzeko gaitasuna", eta helduen kasuan, "inbertsio ekonomiko adierazgarria" egin behar dutela Hizkuntza Eskola Ofizialetan edota euskaltegietan matrikulatzeko, eta diru laguntzak egon badauden arren, "eskasak eta guztiz ezberdinak" izaten direla, udalerrien arabera aldatzen direlako.

"Praktikan, euskara ikasteak esfortzu ekonomiko handia eskatzen du, gehiegizkoa jende askorentzat, eta horrek ez luke hala izan beharko, Jaurlaritzaren obligazio legala delako euskara jakiteko eskubidea bermatzea, ikasketa prozesuaren kostu ekonomikoak sortzen dituen mugak ezabatuta", azaldu du.

Helburu horrekin lege bat proposatu du EH Bilduk, euskara jakiteko eskubidea bermatzeko, argi utzita herritar guztiek euskara jakiteko eskubidea dutela, "inor diskriminatu gabe ez haren egoera ekonomikoagatik, ez bizi den udalerriaren arabera". Hala, herritar guztiek bi hizkuntza ofizialak doan ikasteko aukera izango lukete baldintza batekin: ikasketak hizkuntza eskola ofizialetan edo euskaltegi publiko edo homologatuetan egitea.

"Horretarako behar den finantziazioa Jaurlaritzaren esku geratuko litzateke, HABEren bitartez, baina, nahi izanez gero, aldundiek eta udalek ere laguntza propioak emateko aukera izango lukete, barnetegietarako eta C1 edo C2 mailak lortzeko ikastaroetarako", gaineratu du.