Euskaraldiaren bigarren edizioan erabiliko den metodologia probatuko dute Intxaurrondon

"Nitik Harago! Baietz 11 Intxaurrondon!" Ekimenaren Aurkezpena.
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: lunes, 18 noviembre 2019 12:09

DONOSTIA, 18 (EUROPA PRESS)

'Nitik harago! Baietz 11 Intxaurrondon!' 2020ko Euskaraldiaren aurrekari izango den probaldia egingo dute Donostiako auzoan, azaroaren 22tik abenduaren 3ra bitartean. Ariketaren bidez, auzoko entitateak eta herritarrak gonbidatu nahi dituzte elkarrekin hizkuntza ohiturak aldatzeko aurrerapausoak emateko.

Ekimenaren arduradunek gogorarazi dutenez, iazko Euskaraldiari jarraipena emanez, Euskaraldiaren bigarren ariketa antolatuko da Euskal Herrian, 2020an. Hurrengo edizioan, baina, beste urrats bat egin nahi da, hau da, norbanakoek ez ezik entitateek ere parte hartzea lortu nahi da, hizkuntza praktika berriak bultzatzen jarraitzeko neurriak hartuz.

Aurten, bigarren edizioan abian jarriko den metodologia probatu nahi da Euskal Herriko hainbat tokitan. Bada, Intxaurrondo auzo donostiarra izango da horietako bat, eta 'Nitik haratago! Baietz 11 Intxaurrondon!' ariketa egingo dute bertan, azaroaren 22tik abenduaren 3ra bitartean.

Prestatze lanetan elkarlanean aritu dira Plazara Goaz Intxaurrondoko Euskara Batzordea, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua. 'Nitik haratago! Baietz 11 Intxaurrondon!' ariketaren bidez, auzoko entitateak eta herritarrak gonbidatu nahi dituzte elkarrekin hizkuntza ohiturak aldatzeko aurrerapausoak emateko.

Intxaurrondoko probaldiaren berrikuntza entitateetan datza. Auzoko elkarte, lantegi, denda, ikastetxe, kultur etxe, kiroldegi eta abarri beren barruan ariguneak identifikatu eta sortzea eskatuko zaie; ariguneak euskaraz lasai aritzeko guneak dira, entitate baten barruan dagoeneko eratuta dauden taldeak edo espazioak.

ARIGUNEAK

Arigune bat sortu ahal izateko, ezinbestekoa izango da bertako kide guztiek euskara ulertzea eta gehien-gehienek ariketa egiteko prest egotea. Arigune horiek, beraz, kideen adostasunez osatzen dira eta bertan parte hartuko dute ahobizi edo belarriprestek. Ariguneak hizkuntza ohiturak aldatu eta finkatzeko egokiak izatea da helburua.

Bi motatako ariguneak egongo dira: barne funtzionamenduko guneak (entitate barruko taldeak), eta kanpo harremanetarako guneak (herritarrekiko harreman espazioak, herritarrekin osatutako ariguneak; espazio horietan 11 egunez beti egongo da belarriprest edo ahobizi bat, herritarrak euskara hitz egiteko aukera izan dezan).

Aurtengo ariketan Intxaurrondoko 14 entitatek eman dute izena eta guztira 65 arigune zehaztu dira. Orain artean izena eman duten auzoko entitateak dira Aizalde, Biharko Gipuzkoa, GFA-Gizarte Politika TXARA, Gizarte Ekintzako Zerbitzugunea, Intxaurrondo Hegoa IP, Intxaurrondo Kiroldegia, Intxaurrondo Kultur Etxea, Intxaurrondo Ikastola, IZBE auzo elkartea, Jose Ignacio Bengoetxea harategia, Larrotxene Kultur Etxea, Lauaizeta BHI Ikastetxea, Mons Kiroldegia eta Zulo Zahar Elkartea.

Auzokoek, ariketak irauten duen bitartean, belarriprest edo ahobizi izaten jarraituko dute etxekoekin, ezagunekin, lagunekin edota auzoko entitateekin. Ariketan parte hartzeko ez dute izena eman beharko, baina txapa auzoko kultur etxeetan jaso ahal izango dute astelehenetik ostiralera, azaroaren 18tik 22ra, 16:00etatik 20:30era.

'Nitik haratago! Baietz 11 Intxaurrondon!' ariketaren hasiera ekitaldia datorren ostiralean izango da, azaroaren 22an, arratsaldeko 19:00etan, Intxaurrondo Kultur Etxean, eta hurrengo egunetan hainbat jarduera eta ikuskizun antolatuko dira. Abenduaren 3ko amaiera ekitaldiarekin emango zaio bukaera aurtengo edizioari.

EUSKARAREN EGUNA

Ildo horretan, aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunean euskararen erabilerak duen garrantzia nabarmendu eta mintzapraktika sustatzeko, Donostian sortu eta garatu diren egitasmoak ezagutzera eman nahi dira: Mintzalaguna, Mintzanet eta Mintzodromoak.

Jon Insausti Donostiako Udaleko Euskarako zinegotziak adierazi duenez, "ekinbide horietan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak, bidelagunak batez ere, funtsezkoa baita euskara dakigunok proiektu horietan parte hartzea eta euskara ikasten ari direnei erabilera eremu erosoak eskaintzea".

Bestalde, urtero bezala, 200 bat ekintza antolatu dira hirian azaroaren bukaeran eta abenduaren hasieran. San Telmon, doako egitarau erakargarria antolatu da (Euskara Ibiltaria erakusketa, kontzertua, Goazen telesaileko aktoreen solasaldia, zinema eskaintza, bertso saio berezi bat eta abar). Horrez gain, Aieten, Altzan, Amaran, Amara Berrin, Antiguan, Añorgan, Bidebietan, Egian, Grosen, Igeldon, Ibaetan, Intxaurrondon, Loiolan, Loiolako Erriberan, Martutenen, Morlansen eta Parte Zaharrean ekintzak antolatu dituzte azaroaren 23tik abenduaren 3ra.