Galtzagorriren Biko-teka lantegian izena emateko epea abenduaren 20an bukatuko da

Biko-teka lantegia.
GALTZAGORRI
Publicado: domingo, 15 diciembre 2019 14:27

BILBO, 15 Dic. (EUROPA PRESS) -

Galtzagorri haur eta gazte literaturako elkarteak Biko-teka lantegia egingo du laugarren urtez, Iruñeko Udalarekin elkarlanean eta Etxepare Sariaren laguntzarekin, 2020ko urtarrilaren 27tik 31ra, Iruñean, eta izena emateko epea abenduaren 20an bukatuko da.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Biko-teka liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza lantegia da, eta idazleak eta ilustratzaileak bikoteka lau eskutara lanean aritzen dira.

Epaimahaiak zortzi ilustratzaile eta zortzi idazle aukeratuko ditu izena ematen duten sortzaileen artean, eta bikoteka izena eman ez dutenen arteko bikoteak osatuko dituzte. Aukeratutako guztiek lantegia doan egiteko aukera izango dute. Hautatutako sortzaileei beranduenez urtarrilaren 7an jakinaraziko zaie.

Aurten, Aitziber Alonso ilustratzaileak eta Yolanda Arrieta idazleak egingo dituzte lantegiaren gidari lanak. Hizlari gonbidatua Karla Fernandez de Ganboa izango da, haur eta gazte album ilustratuetan aditua eta Nazioarteko Hezkuntzan doktorea.