Gasteizko tranbiaren geltokiak egokitzeko kontratua esleitu du ETSk, 2,6 milioi euroko aurrekontuarekin

Gasteizko tranbia
EUSKAL TRENBIDE SAREA
Actualizado: miércoles, 12 diciembre 2018 13:20

GASTEIZ, 12 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoak Zamakoa, Moyale eta Trameinsa enpresek osatutako aldi baterako enpresen batasunari esleitu dio Gasteizko tranbiaren geltokiak egokitzeko kontratua. Aurrekontua 2.650.074,69 eurokoa da, eta egikaritze epea 11,5 hilabetekoa. Jarduketa 2019ko otsailean hasiko dela aurreikusi da, ETSk jakinarazi duenez.

Une honetan, Arabako hiriburuko tranbiaren ustiapena bost moduluko tranbien bitartez egiten da, baina bidaiari gehieneko orduetan zerbitzuak gainezka egiten du. Hori dela eta, eta hegoaldeko luzapena zerbitzuan jartzearekin bat etorriz, Euskotren Tranbiak operadoreak garraio eskaintza hobetzea aurreikusi du, Gasteizen zerbitzua ematen duen tranbia kopurua eta horietako batzuen ahalmena handituz.

Hain zuzen, 44 metro luze diren zazpi moduluko tranbiak eskuratzearen ondorioz, beharrezkoa da Abetxuko, Lakua eta erdialdea adarretako ia geltoki guztiak handitzea. Hegoaldeko luzapenean dauden hiru geltoki berriak behar berrietarako dimentsionatuta daude jadanik.

Halaber, proiektuaren barruan, geltokiak mugikortasun urria duten kolektiboek eskatutako irisgarritasun beharretara egokitzea ere jaso da. Neurri horiek 2018ko otsailean Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak eman zuen epaian jasotzen dira, eta, horren arabera, 1,8 metroko igarobidea utzi behar da libre markesinen albo bakoitzean. Horretarako beharrezkoa izango da bloke teknikoak aldatzea eta markesinaren gainerako elementuak egokitzea.