Gipuzkoako Haurren Kontseilua eratuko dute, erabaki publikoetan adingabeen partaidetza egituratzeko

Haurren Erabakia ekimen pilotuko partaideak
GIPUZKOAKO ALDUNDIA
Actualizado: martes, 20 noviembre 2018 12:56

DONOSTIA, 20 (EUROPA PRESS)

Gipuzkoako Foru Aldundiak Haurren Kontseilua eratuko du Unicef erakundearekin elkarlanean, politika publikoetan adingabeen hitza eta erabakia kontuan har daitezen aurrerantzean. Kontseiluaren helburua, osaketa eta lan prozedura Unicefekin batera definituko ditu foru erakundeak, Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak astearte honetan jakinarazi duenez.

Haurren Nazioarteko Eguna ospatzen du urtero azaroaren 20an Nazio Batuen Erakundeak (NBE), 1959ko egun berean onartu baitzuen Biltzar Nagusiak Haurraren Eskubideen Adierazpena. Urteurren horren atzean dagoen xedeari jarraituz erabaki du Gipuzkoako Aldundiak lurraldeko Haurren Kontseilua eratzea.

Unicefen eta Gipuzkoako Aldundiaren arteko elkarlana ez da berria. Iaz, Haurren Erabakia ekimen pilotua jarri zuten martxan Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren barruan, politika publikoen diseinuan, garapenean eta ebaluazioan haurrak ahalduntzeko asmoz. Ekintza (Donostia), Belaskoenea (Irun), Iraurgi (Azpeitia), Joxe Miel Barandiaran (Ataun) eta Juan Antonio Mogel (Eibar) ikastetxeetako 250 ikasle inguruk parte hartu zuten.

Gipuzkoako Aldundiaren aurrekontu irekiei begira proposamenak aurkezteaz gain, erakunde publikoei helarazteko dekalogoa prestatu zuten, ekarpenak egiteko ahalmena eta gaitasuna dutela eta etorkizuna eraikitzeko orduan helduak bezain garrantzitsuak direla nabarmenduz.

Orain, lan hori sendotu eta jarraitzea izango du helburu Gipuzkoako Haurren Kontseiluak. "Guk ere asko ikasi dugu haurrengandik, eta azaldutako jakinmina eta ekintzailetza bideratu behar ditugula erabaki dugu. Haien ezagutza eta esperimentaziorako duten bokazioa primerako lanabesak izango dira geroa lantzeko. Etorkizuneko politika publikoen norabidea eta garapena ez dira egokiak izango gizartearen zati bat kanpoan utziz gero. Haurrek parte hartu nahi dute, eta datozen urteetako euskal erakundeek bide berriak uztartu beharko dituzte nahi horri erantzuteko", azaldu du Lasak.

Egun, lurraldeko hainbat herritan haurren parte hartzea dagoeneko errotuta dago; adibidez, espazio berriak edota parkeak definitzerakoan, Agenda 21 egitasmoan lantzen diren gaietan edo kirol saioak antolatzerakoan "beren iritziak kontuan izaten dira". "Baina oraindik dibide isolatuak dira. Partaidetza hori egituratu nahi dugu Kontseiluarekin, Haurren Erabakia proiektua zentro berrietara zabaltzeaz gain", gaineratu du.