Hiztunen aktibazioan inplikatzeko deia egin du Euskararen Nazioarteko Eguneko adierazpen instituzionalak

Herri erakundeetako kideak adierazpen instituzionala aurkezten
ARABAKO ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 19 noviembre 2018 12:37

GASTEIZ, 19 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalek, Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak adierazpen instituzional bat sinatu dute Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, eta hiztunen aktibazioan inplikatzeko deia egin dute bertan. "Bizi. Prest. Egunero delako euskararen aldia" da astelehen honetan Gasteizen aurkeztu duten testuaren izenburua, eta Euskaraldiak ireki duen bidearen balioa nabarmendu dute.

Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzan egin da adierazpena aurkezteko ekitaldia, eta Miren Dobaran Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak, Pilar García de Salazar Arabako Aldundiko Ekonomia Garatzeko eta Lurralde Orekarako diputatuak, Ana de Castro Bizkaiko Aldundiko Euskara zuzendariak, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak, Iñaki Prusilla Gasteizko Udaleko Ingurumen zinegotziak, Mari Jose Arrieta Bilboko Udaleko Euskarako zuzendariordeak, Xabier Euzkitzek Donostiako Udala ordezkatuz, Koldo Iturbe Getxoko Udaleko Kulturako zinegotziak Eudel ordezkatuz eta Josu Labaka Uemako presidenteak parte hartu dute.

Herri erakundeotako ordezkariek deia egin dute hiztunak aktibatzeko, haien hitzetan, "egunero delako euskararen aldia". "Lorgarria delako, erabat, euskararen erabilera hazkunde iraunkorraren bidean jartzea, baldin eta herritar bakoitzak euskara ezpainetara eramateko bere erabaki pertsonala gauzatzen badu eta erakunde publiko bakoitzak herritarrek euskaraz aritzeko duten eskubidea bermatzeko bitartekoak jartzen baditu", adierazi dute.

EUSKARALDIA

Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruko aurtengo adierazpena estu lotuta dago Euskaraldia ekimenarekin. Datorren ostiralean hasiko da dinamika, eta, hain zuzen ere, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen den egunera arte luzatuko da.

"Prest gaude, eta gogotsu, euskarak gure ahoan bizi-bizi dantza egin dezan. Gogotsu gaude, eta prest, gure belarrietan atseginez onartzeko euskararen soinua. Dakiguna dakigula, entzuten ez dena baita euskara kaskar bakarra", irakurri dute.

Halaber, hiztunen aktibazioaren aldeko apustuaz gain, euskararen inguruko adostasuna aldarrikatu du herri erakundeek egindako testuak: "Adostasuna eta batasuna dira, beraz, bidea, euskarak batura behar duelako, ez kenketa; biderketa behar du, ez zatiketa".