Jaurlaritzak 1,3 milioi euro onartu ditu genero indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzeko

Genero indarkeriaren aurkako kartela Bilbon.
EUROPA PRESS - Archivo
Actualizado: martes, 18 febrero 2020 17:28

GASTEIZ, 18 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak genero indarkeriaren biktima diren emakumeentzako 'Ordainketa bakarra' dirulaguntzaren barruan esleitutako zuzkidura onartu du astearte honetan. Guztira, Lakuako Gobernuak 1.300.000 euro bideratuko ditu aurten laguntza horietara, aurreko ekitaldian baino 200.000 euro gehiago (%18,18 gehiago). Aurrekontu saila agortuz gero handitzeko aukera egongo dela jakinarazi du Jaurlaritzak.

2008an genero indarkeriaren biktima izateagatik dirulaguntzak ematen hasi zirenetik, laguntza hori jaso duten emakumeen kopuru handiena 2019an izan da: guztira 194 emakumek jaso zuten laguntza. Aurreko ekitaldian ere bideratu zen diru gehien laguntzak horiek ematera: ia 1,1 milioi euro. Lurraldeen arabera dirua honela banatu zen: Araban 219.816 euro eta 37 espediente; Gipuzkoan 217.816 euro eta 39 espediente; Bizkaian 662.004 euro eta 118 espediente.

Jaurlaritzak 145.375,30 euroko aurrekontua bideratu zuen 2008an genero indarkeriaren emakume biktimei zuzendutako 'Ordainketa bakarra' dirulaguntzara, eta 18 emakumek jaso zuten. 2019an aurrekontua 1.099.080 eurokoa izan zen eta 194 emakumek jaso zuten laguntza. Zenbatekoari dagokionez, igoera %756koa izan da 2008tik 2019ra, eta onuradunei dagokienez, %1.077koa. 2011n lehen aldiz jaso zuten ehun emakume baino gehiagok laguntza hori, eta orduz geroztik ez da inoiz kopuru horretatik jaitsi.

Genero indarkeriaren biktima diren emakumeentzat bakarrik dira dirulaguntzak. Lege Organikoan jasotakoaren arabera, gizon batek bere bikote den edo izan den emakumeari eragindako indarkeria bezala definitzen da genero indarkeria, hau da, ez dira sartzen beste edozein motako indarkeria matxistaren biktimak, alegia, generoko familia barruko indarkeria, sexu askatasunaren aurkako indarkeria, emakume salerosketa edo lan ingurunean gertatutako sexu erasoak, besteak beste.

Laguntzaren azken helburua da diru sarrerarik ez izateak edo diru sarrera txikiak izateak eragindako kaltea aldi baterako arintzea, bikotearen edo bikote ohiaren aldetik indarkeria jasaten duen emakumeari bizitzeko gutxieneko baliabideak emateko eta, era horretan, erasotzailearengandik independizatu eta beste bizitza bat hasteko aukera izateko.

Diru kopuru nahiko handia eta aldi batekoa denez, laguntzaren helburua da emakumea bera bizitzen ari den tratu txarren egoera horretatik errazago ateratzen laguntzea. Laguntzari esker, seguru aski izango dituen zorrei (kasu gehienetan bere bikoteak eragindakoak) aurre egin ahal izango die, behar izanez gero etxebizitzaz aldatu ahal izango da eta abar.