Eusko Jaurlaritzak eta EEPk 1,9 milioi euro bideratuko dituzte Iparraldean euskara sustatzera

Jaurlaritzako eta Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariak, Baionako agerraldian
IREKIA
Actualizado: viernes, 3 julio 2020 16:42

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) 1.930.000 euro inbertituko dituzte 2020an zehar Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko egitasmoetan. Jaurlaritzak 400.000 euro jarriko ditu funts horretan, eta EEPk 1.530.000 euro. Euskarazko irakaskuntza, euskaltegien lana, euskarazko hedabideak eta euskarari lotutako aisialdiko proiektuak bultzatuko dituzte aurrekontu horrekin.

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Beñat Arrabit EEPko presidenteak bi erakundeen arteko akordioaren 2020rako xehetasunak aurkeztu dituzte ostiral honetan, Baionan egindako prentsaurrekoan.

Elkarlanerako funtsa, 1.930.000 eurokoa, bi ataletan banatu da:
1.798.500 euro Ipar Euskal Herriko eragile jakin batzuk diruz laguntzeko, eta 131.500 euro beste edozein eragile pribatuk aurkeztutako proiektuak diruz laguntzeko, deialdi baten bidez.

Iazko banaketarekin erkatuta, aldaketa nagusia da lehen funtsa gehitu dela (223.500 euro gehiago), orain arte deialdiaren bidez laguntzen ziren eragile batzuk lehen multzora mugitu direlako. Sei eragile izango dira, bost hedabide eta hezkuntzaren arloko eragile bat: Aldudarrak Bideo (web-telebista), Herria (paperezko astekaria), Euskal Komunikabideak (Iparraldeko Hitza paperezko astekaria), Iparla Baigura komunikazioa (kazeta.eus web kazetarentzat), Errobi Promotions (web irrati elebiduna) eta Udako Euskal Unibertsitatea.

HITZARMEN MARKOA

2017-2022 aldirako bi erakundeek sinatutako hitzarmen markoaren barruan dago ostiral honetan sinatutako akordioa. 2007tik ari dira elkarlanean bi erakundeak. Hitzarmena oinarri hartuta, bi erakundeek urtero zehazten dute zeintzuk izango diren kontuan hartu beharreko irizpideak laguntza horiek banatzeko orduan, eta uztailean jakinarazten dute nola banatuko den funtsa.

Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak martxoaren 31an adostu zituzten aurtengo ekitaldiko irizpideak, eta ostiral honetan jakinarazi dituzte laguntzen xehetasunak. Akordioarekin batera, era osagarrian, 2017an Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak hizkuntza politikaren arloko lankidetza bultzatzeko akordioa sinatu zuten, urtero berritzen den Hiruko Ituna, hain zuzen.

Dobaranek akordioaren garrantzia azpimarratu du Iparraldean euskara bultzatzeko, eta covid-19ak izango duen eraginaz ere hitz egin du: "Bide eta erronka berriei egin beharko diegu aurre elkarrekin. Euskara biziberritzeko lanek atzerapausorik jasan ez dezaten, inoiz baino garrantzitsuago da erakundeen arteko elkarlana, eraginkortasunez ekiteko egoera zail honen aurrean. Hemendik aurrera, buruan izan beharko ditugu era berezian Internetek, sareak, eta ingurune digitalak oro har euskarari eskaini ahal dion espazioa, eskaini ahal dizkion baliabideak eta urratu behar dituen bideak".