Kontsumitzaileei teknologia berrietako prestakuntza emateko europar proiektu baten buru da Arabako Aldundia

Cristina Gonzalez izan da lehen bilearen buru
ARABAKO ALDUNDIA
Actualizado: miércoles, 17 octubre 2018 13:15

GASTEIZ, 17 (EUROPA PRESS)

Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko eta Foru Administrazioko Saila Europako DIGConsum izeneko proiektuaren burua eta koordinatzailea izango da datozen bi urteetan. Kontsumitzaileei teknologia berrietako prestakuntza ematea eta, horrela, zenbait taldek produktu eta zerbitzuetara on line sarbidea izatea eragozten duen eten digitala saihestea da programaren helburua. Tokiko merkataritzaren Internet bidezko salmentak sustatzea da egitasmoaren azken xedea.

Proiektuaren Europako bazkide guztiek bilera izan dute asteazken honetan Arabako Foru Jauregian, Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko eta Foru Administrazioko foru diputatua buru zela. Gonzalezek nabarmendu du zer garrantzitsua den erabilera libre eta irekiko lanabesak eskaintzea, kontsumitzaileek izateko "kontsumo digitala era seguru eta arduratsuan egiteko behar diren trebeziak eta gaitasunak".

"Merkataritza txikiari prestakuntza eman diegu teknologia berriak erabil ditzaten beren negozioak sustatze eta on line saltze aldera, eta lan hori osatu nahi dugu kontsumitzaileei ere prestakuntza emanez. Sarean era seguruan mugitzen irakatsi nahi diegu eta, era berean, adierazi nahi diegu herriko dendetan Internet bidez erostea segurua eta kalitatezkoa dela", esan du.

Espainiako, Greziako, Italiako, Turkiako eta Belgikako erakunde publiko eta pribatuen parte hartzea dauka DIGConsum Europako proiektuak. Bertan egingo den lanaren azken emaitza izango da kontsumitzaile helduen zein profesionalen eskura kontsumo digitaleko prestakuntzarako lanabes eraginkorrak jartzea.

Proiektuaren aurrekontua 145.000 euro da, Europako Batzordearen Erasmus + deialdiaren baitan, eta helburutzat du belaunaldien artean teknologia berrien ezagutzan eta erabileran dagoen eten digitala murriztea, gai horri buruzko prestakuntza ibilbide bat garatzea eta erreferentziazko esparru europar komun bat eratzeko oinarriak zehaztea, kontsumitzaileen gaitasun digitalak prestatzea eta ebaluatzea ahalbidetzeko.

LEHEN BILERA

Arabako Aldundiak eta Europako bere bazkideak asteazken honetan egin dute lehenengo bilera, ardurak banatzeko, lan egutegia zehazteko eta ekimenaren hedapena prestatzeko. Proiektua orain hasiko da garatzen eta bi urteko iraupena izango du. Beraz, prestakuntzaren emaitzak 2020ko bigarren zatian emango dira.

Legealdi honetan Arabako Aldundia merkataritza arloan buru duen Europako bigarren proiektua da DIGConsum. Legealdiaren hasieran, foru erakundeak Europako Batzordearen babesa izan zuen Transform@ proiektua garatzeko eta merkataritza elektronikoari buruzko on line ikastaro bat merkatarien eta ekintzaileen eskura jartzeko, lurraldeko landa eremuetako negozioetan formula horren ezagutza eta erabilera sustatzeko asmoz.

Joan den uztailetik, www.transforma-project.eu atarian eskuragarri dauden doako prestakuntza lanabes horien bidez, Arabako herrietako dendak lehiakorragoak egin nahi dira.