Kontsumobidek gogoratu du bankuek ez dutela inoiz posta elektroniko bidez pasahitzik edo datu pertsonalik eskatzen

Kontsumobidek gogoratu du bankuek ez dutela inoiz posta elektroniko bidez pasahitzik edo datu pertsonalik eskatzen
IREKIA
Actualizado: martes, 21 mayo 2019 11:48

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

Kontsumobide Kontsumoaren Euskal Erakundeak astearte honetan gogoratu du banku entitateek ez dutela inoiz posta elektroniko bidez pasahitzik edo datu pertsonalik eskatzen, eta are gutxiago sare sozialen, eskuko telefonoko mezuen eta abarren bitartez. Amazon, Pay Pal, Apple edo antzeko konpainia handiek ere ez direla inoiz horrela aritu nabarmendu du.

Izan ere, Kontsumobidek jakinarazi duenez, azken hilabeteetan "phishing" kanpainak detektatu dira ING eta BBVA erakundeen lekua hartuz. "Phishing" delituzko praktika bat da, teknologiarekin hedatu da eta galera ekonomiko nabarmena ekar dezake. Funtsean, datu pertsonalak lapurtzeko estrategiak dira, era horretan biktimaren nortasuna ordezkatu ahal izateko eta, besteak beste, pertsona horren izenean gastuak egiteko.

Hori dela eta, "phishing" praktikak detektatu eta saihesteko jarraibide batzuk eman ditu Kontsumobidek. Halako mezuek presatu egiten dute erabiltzailea webgune batean sartzeko edo datu jakin batzuk betetzeko, eta segurtasun eguneratzeak edo zerbitzuaren premiak balira bezala aurkezten dira normalean. Horren aurrean, aukerarik seguruena ez fidatzea da.

Halaber, igorlea zein den arretaz begiratu behar da. Ziberdelinkuentzia konpainia handiak eta bankuak ordezkatzen saiatzen da, baina kontuan hartu behar da enpresa horiek ez dutela inoiz ere mezu elektroniko bidaliko Google, Outlook edota Yahoo kontu batetik, domeinu propioak baitituzte.

Gainera, arretaz begiratu behar da mezua zuzen edo oker idatzita dagoen, ohikoak izaten baitira azentu markak ez agertzea edota generoan nahastea, askotan automatikoki idatzi izan direlako. Bada, Kontsumobidek gomendatu du fitxategi susmagarririk inoiz ez irekitzeko, ezta webgunerik ere posta elektronikotik, hobe baita zuzenean nabigatzailetik irekitzea eta ahal izanez gero bere jatorria eta segurtasuna ziurtatzea.

Bestalde, inoiz ez da datu pertsonalik, pasahitzik edo bankuko daturik bidali behar posta elektroniko bidez, bankuek eta konpainia handiek plataforma seguruak baitituzte gai horietarako. "Orokorrean, esan daiteke zentzua eta mesfidantza direla 'phishing'-aren aurkako babesik onena, bai eta pasahitz seguruak ezartzea eta sare publikoak ez erabiltzea ere", azaldu du.

Dena den, berriro nabarmendu du banku entitate batek edo aipatutakoak bezalako enpresa handi batek inoiz ez duela posta elektroniko bidez datu pertsonalik, bankukorik edo pasahitzik eskatuko. Azkenik, "phishing" saiakera bat sumatuz gero, agintarien aurrean edo Segurtasun Informatikoko Bulegoan salatzea gomendatu du.