Lehen motako diabetesa duten paziente guztiei gluzemia neurtzeko sistema berria eskainiko die Osakidetzak

Publicado: domingo, 17 noviembre 2019 13:30

BILBO, 17 Nov. (EUROPA PRESS) -

Osakidetza euskal osasun sistemak gluzemia neurtzeko sistema berria eskainiko die Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) lehen motako diabetesa duten paziente guztiei, Flash izeneko gailuaren bitartez, 2020. urteko urtarrilaren 1etik aurrera.

Osakidetza duela bi urte hasi zen erabiltzen sistema berria 18 urtetik beherakoen artean, eta iaz zabaldu zitzaien haurdun zeuden emakumeei eta medikuak aginduta behar zuten helduei (konturatu gabe gertatzen diren edo kontrolatzeko zailak diren hipogluzemiak dituzten pazienteak eta desgaitasunen bat duten pazienteak). Gaur egun, 2.400 paziente ari dira gailua frogatzen (400 inguru 18 urtetik beherakoak), eta emaitzak oso onak izaten ari dira.

Orain, lehen motako diabetesa duten euskal heldu guztietara zabalduko da sistema, eta, datorren urtearen hasieran, Osakidetzak ESIetako endokrinologiako kontsultetan banatuko du gailua. Zenbetatsi da 1.700 paziente inguruk baliatu ahalko dutela metodo berria, eta horrek 1,7 milioi euro inguruko inbertsioa eskatuko du.

Sentsore adabakiak odoleko glukosa maila neurtzen du, eta sakelako telefono bateko edo beste irakurgailu mota bateko pantailan eroso ikusteko aukera ematen du; horrela, ez dira hainbetse ziztada kapilar eman behar izango. Gainera, abantaila ugari ditu sisteman sortzen dituen datuen kudeaketan.

Gailua Europako zenbait herrialdetan erabiltzen da jada, eta hobekuntza oso garrantzitsua dakar diabetesa duten pertsonen bizi kalitatean, beren egunerokotasuna hobetu eta egunean ziztada kopurua handia ematea saihesten baitu.

Osakidetzako profesionalek eta Biocruces Bizkaia erakundeko ikertzaileek egindako eta Osasun Sailak finantzatutako azken azterlanaren arabera, urtero sei diabetes kasu berri erregistratzen dira 1.000 pertsonako; Estatuan batez bestekoa 11,6 kasu berrikoa da 1.000 pertsonako. Diabetesaren nagusitasuna dela eta, EAEn 18 urteko edo gehiagoko biztanleen %10,6rengan du eragina, eta antzeko azterlanek Estatuan %13,8rengan duela diote.