NASAko bi ikertzailek Marteri buruzko hitzaldi bana eskainiko dute datorren astean EHUn

- JPL NASA - Archivo

Actualizado: jueves, 19 septiembre 2019 14:12

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Roger Wiens eta Samuel Clegg NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziako ikerlariek Marte izango dute hizpide datorren astean, hitzaldi bana eskainiko baitute Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultatean, Leioa-Erandio gunean. Sarrera librea izango da bi saioetan, aretoa bete arte, EHUk jakinarazi duenez.

Roger Wiens Los Alamoseko Laborategi Nazionaleko ikerketa zuzendaria da, eta astelehenean izango da Zientzia eta Teknologia Fakultateko Paraninfoan, irailaren 23an, goizeko 11:30ean. 2011tik Marten dabilen Curiosity rover ibilgailuaren ChemCam tresnaren ikertzaile nagusia da Wiens, bai eta NASAren Mars2020 roverraren SuperCam tresnaren ikerlari nagusia ere bada. 'Exploration of Martian Landscapes and its geochemistry with ChemCam on board of Curiosity and plans for SuperCam in Mars 2020' izango da bere hitzaldiaren izenburua. Sarrera librea izango da, aretoa bete arte.

Bestalde, asteartean, irailaren 24an, ordu eta toki berean, Samuel Clegg ikertzaileak 'Laser-based Remote Instrumentation from Rovers and Landers: ChemCam (Curiosity), SuperCam (Mars2020), and future instruments' hitzaldia eskainiko du. Curiosity rover ibnilgailuaren ChemCam tresnaren eta NASAren Mars2020 roverraren SuperCam tresnaren ikerlari laguntzailea da Clegg.

NASAko bi ikertzaileak Juan Manuel Madariagak zuzentzen duen EHUko IbeA ikerketa taldearen lana ezagutzera etorri dira. IbeAk NASAren Mars2020 espazio misioan dihardu, eta Marteko gainazaleko harriak eta lurzorua aztertzeko supercam-aren tresnak kalibratuko ditu.