18 de noviembre de 2019
  • Domingo, 17 de Noviembre
  • Sábado, 16 de Noviembre
  • 18 de Urria de 2019

    Natura Babesteko XV. Nazioarteko Foroa egingo da Urdaibain, datorren astean

    Natura Babesteko XV. Nazioarteko Foroa egingo da Urdaibain, datorren astean
    IHOBE - ARCHIVO

    BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

    Urdaibaiko Biosfera Erreserba hautatu dute aurten Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Foroaren hamabosgarren edizioa egiteko, garapen jasangarriaren inguruko ikasketa eta saiakuntzaren arloko espazioa den aldetik. Natura eta Baliabide Naturalak Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren Estatuko Batzordeak eta Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak antolatu dituzte jardunaldiak, urriaren 23tik 25era, Ekoetxea Urdaibain, eta ingurumeneko hainbat aditu bilduko dira kontserbazio, klima aldaketa eta naturan oinarrituriko irtenbideei buruz hitz egiteko.

    Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez, 2020ko ekainean Marseillan (Frantzia) egingo den Naturari buruzko Munduko Biltzarraren aurretik egingo den azken ekitaldia da, eta Natura eta Baliabide Naturalak Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren Estatuko Batzordearen topaketa nagusia. Natura eta Baliabide Naturalak Kontserbatzeko Batasunaren programa eta ekimenen garrantziaz, erakundea osatzen duten kideen interesez eta aurrera eraman beharreko jarduerez eztabaidatuko da foroan.

    Urriaren 23an izango da lehenengo ekitaldia: Natura eta Baliabide Naturalak Kontserbatzeko Batasuneko kideen batzarra. Urriaren 24an, berriz, interesatu guztiei zuzendutako jardunaldi irekiak egingo dira (izena eman behar da aurrez). Hiru taldetan banatuko dira eztabaidagaiak: klima aldaketaren erronka, ingurumena eta landa eremua, eta etorkizuna aldatzeko tresnak.

    Amaitzeko, urriaren 25eko ekitaldia Natura eta Baliabide Naturalak Kontserbatzeko Batasuneko kideei zuzendutago egongo da, jende guztiari irekia izango den arren: ekitaldiaren amaieran, 2021-2024 aldirako programaren proiektua aurkeztuko da, eta Zhang Xinsheng Natura eta Baliabide Naturalak Kontserbatzeko Batasuneko presidenteak hartuko du parte, Skype bidez.

    Natura eta Baliabide Naturalak Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren Estatuko Batzordeko kideei, ingurumenaren arloko herri administrazioei eta GKEi, naturaren kontserbazioaren arloko ikerlariei, unibertsitateko ikasleei eta gaiaren inguruko kezka duen jende orori zuzenduta dago ekitaldia.

    Natura eta Baliabide Naturalak Kontserbatzeko Batasuna ingurumenaren arloko munduko sarerik handiena. Erakundeak 16.000 aditu eta 1.300 entitate baino gehiago ditu, horien artean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila. Natur ondarea berreskuratu, kontserbatu eta modu jasangarrian erabiltzea du xede nagusi.