Pablo Ferrandez biolontxelista Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin arituko da hurrengo kontzertu programan

Pablo Ferrandez biolontxelista Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin arituko da hurrengo kontzertu programan
EUSKADIKO ORKESTRA SINFONIKOA
Actualizado: martes, 21 mayo 2019 14:09

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

Pablo Ferrandez biolontxelista espainiarra izango da musikari gonbidatua Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren (EOS) 2018-2019 denboraldiko azkenaurreko kontzertu programan, "Heriotza jauregian" izenburupean. Robert Treviño zuzendari dela, Antonin Dvoraken "Biolontxelorako kontzertua" eta Edward Elgarren "2. Sinfonia" entzun ahalko dira.

Programa Bilboko Euskaldunan hasiko da, ostegunean, maiatzaren 23an, eta ostiralean, maiatzaren 24an, eta hilaren 27an, Donostiako Kursaal Auditoriumean; maiatzaren 28an, Iruñeko Baluarte Auditoriumean izango da emanaldia, eta maiatzaren 30ean, Gasteizko Principal antzokian. Saio guztiak 20:00etan izango dira, EOSek jakinarazi duenez.

Pablo Ferrandez nazioarteko ibilbide oso azkarra izaten ari den biolontxelo jotzaile madrildarra da. Hiru urte zituela hasi zen biolontxeloa jotzen, eta hamahirurekin Reina Sofia Goi Mailako Musika Eskolan sartu zen. Bere talentua hainbat sariren bidez aintzatetsi dute; bereziki gertukoa da 2016an jaso zuen Urteko Artista Gaztea kategoriako ICMA saria, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburutzak antolatutako banaketa galan.

Nazioarteko musikari bezala finkatua, biolontxelista espainiarrak sona handiko orkestrekin kolaboratu du, hala nola Londresko eta Israelgo filarmonikoekin. Gainera, uztailean debuta egingo du Los Angelesko Filarmonikoarekin.

Bestalde, maiatzaren 29an, Pablo Ferrandezek klase magistral bat eskainiko die Musikene ikastegiko biolontxelo ikasleei, EOSek eta Musikenek "Aula Jordá Gela" izenburupean sinatutako hitzarmenaren baitan.