Tokikom Sariak banatu dituzte Basaurin

2019Ko Tokikom Sarien Irabazleak.
TOKIKOM
Actualizado: viernes, 15 noviembre 2019 12:13

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

Tokikom toki komunikabideen bateraguneak azken urtean toki hedabideetan argitaratutako lanik onenak aitortzen dituzten Tokikom Sarien laugarren edizioko sari banaketa ekitaldia egin du ostiral honetan, Basauriko Ibaigane Kultur Etxean (Bizkaia). Euskarazko komunikazioaren arloko 80 lagun inguru batu dira ekitaldira, hainbat erakundetako ordezkariekin batera.

Tania Arriagak, Edorta Aranak eta Amaia Pavonek osatu dute kazetaritza sariak emateko epaimahaia, eta hirurak bat etorri dira aurkeztutako lan guztien kalitatea nabarmentzean, eta azpimarratu dute maila igotzen doala urtez urte, aukeraketa gero eta zailagoa egiten delarik.

Horrela, hiru sari nagusi banatu dira. Azalik onenaren saria Debagoienako 'Puntua' aldizkariarentzat izan da, 'Antropozenoa' izeneko azalagatik. Epaimahaiak nabarmendu du azalaren diseinu minimalista eta arriskatua, oso elementu sinple gutxirekin mezu hunkigarria ematen
duena.

Edukirik onenaren saria Urumeako 'Kronika' egunkariarentzat izan da, 'Urik gabeko urtegi, orain laborategi' erreportajeagatik. Artikutzako urtegiaren hustuketa ardatz hartuta, egunkariak "erreportaje eredugarria" landu du, lehen eskuko informazio ugari eta kazetaritza molde ezberdinak uztartuta, balio dokumental handiko edukia sortuz.

Hirugarrenik, Ikus-entzunezkorik onenaren saria Goiena Telebistak jaso du, 'Debagoiena Eraldatzen' bideo sortagatik. Bideo horietan gizartean oro har dauden hainbat arazo eta aldaketari egin die aurre Goiena Telebistak, tokiko perspektibatik abiatuta eta errealizazio aldetik apustu berritzaile eta ausartak eginez.

Esan bezala, epaimahaiaren iritziz nabarmentzekoa izan da aurkeztutako lan guztien kalitatea, eta, hori dela eta, bi aipamen berezi ere egin nahi izan dituzte. Alde batetik, 'Hiruka' aldizkariaren 'Bayandalai, elur-oreinen azken artzaina?' argazki erreportajeak jaso du aipamen berezietako bat. Argazki erreportajean "oso argi geratzen da irudiak soilik erabilita posible dela istorio osoak kontatzea". Epaimahaiak argazki erreportajearen kalitatea nabarmendu nahi izan du aipamenarekin, bai eta toki komunikabideak genero hori sarriago erabiltzera animatu ere.

'Anboto' astekariaren 'Martxoak 31' azalarentzat izan da epaimahaiaren beste aipamen berezia. Kasu honetan ere, "irudi soil batek mezu indartsu eta hunkigarria ematen du". Epaimahaiak Irati Egurenek egindako irudiaren indarra azpimarratu nahi izan du aipamenarekin, eta "aldizkariaren erabaki egokia, noski, irudi hori portadan jartzeko".

ALBISTE FALTSUAK

Sariak banatu ondoren, Basaurin batutako komunikabideek goiza aprobetxatuko dute albiste faltsuen eta zurrumurruen fenomenoak euskarazko tokiko medioetan duen eraginaz jarduteko. Horretarako, hainbat adituren ekarpenak egongo dira.

Zehazki, 'Maldito bulo'-ko Laura del Riok albiste faltsuen eta zurrumurruen fenomenoaren diagnostiko orokor bat egingo du, eta maldita.es ekimenaren berri ere emango du. Gainera, Zurrumurruen Aurkako Sareko Irantzu Jauregik auzia gertuko errealitatera hurbilduko du, eta zurrumurruen aurka lan egiten duen sarearen funtzionamenduaz jardungo du.

Euskaltzaleen Topagunetik, berriz, Topaguneak kulturaniztasunaren inguruan landutako ikuspegiaren berri emango du Mikel Ozaitak, eta ikuspegi hori hedabideetara nola eraman litekeen iradokitzeko pista batzuk ere emango ditu.

Jardunaldia bukatzeko, toki komunikabideek albiste faltsuen bueltan izandako hainbat testigantza izango dira, eta gaiaren inguruko lanketa posibleak diseinatzen hasteko mahai inguru bat egingo da.