Giza eskubideak "Europako eta munduko ekintza politikoaren erreferente nagusi" direla esan du Urkulluk Estrasburgon

Urkullu eta Guido Raimondi
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: viernes, 18 enero 2019 13:53

   BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

   Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak giza eskubideak aldarrikatu ditu, "Europako eta munduko ekintza politikoaren erreferente nagusi" gisa, eta, "mehatxu populisten eta muturrekoen aurrean", giza eskubideak "humanismoan oinarritzen den politika orientatu ahal izateko iparrorratza" direla ziurtatu du.

   Urkullu Estrasburgon izan da ostiral honetan, René Cassin euskaldun unibertsalari omenaldia egiteko. Cassinek Bakearen Nobel saria jaso zuen 1968an, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren erredaktore nagusi izateagatik. Omenaldiaren baitan, Urkulluk bilera izan du Guido Raimondi Giza Eskubideen Europako Auzitegiko presidentearekin.

   Ondoren, auzitegiaren egoitzan izan den ekitaldian, Jaurlaritzako lehendakariak giza eskubideak aldarrikatu ditu, "Europako eta munduko ekintza politikoaren erreferente nagusi" gisa. "Mehatxu populisten eta muturrekoen aurrean, giza eskubideak humanismoan oinarritzen den politika orientatu ahal izateko iparrorratza dira", esan du.

   Urkulluk erakunde bisita egin du Estrasburgora, Jonan Fernández Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiarekin, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarekin, Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarekin eta Mikel Anton Europako Gaietarako zuzendariarekin batera.

   Hasteko, euskal ordezkaritzak topaketa izan du Guido Raimondi Giza Eskubideen Europako Auzitegiko presidentearekin. Gero, Auzitegiko egoitzan, René Cassini omenaldia egiteko ekitaldia egin da, Raimondik berak zuzenduta. Bertan, Christos Giakoumopoulos Europako Kontseiluko Giza Eskubideen zuzendari nagusiak, Jean Pauls Costa René Cassin Fundazioko presidenteak eta Urkulluk hitz egin dute.

   Jaurlaritzako lehendakariak Cassinen irudia nabarmendu du, "gaur omenaldi merezia jaso duena". "Giza eskubideak funtsezko tresna dira oraintsu igaro den iraganean orientatzeko. Europan eta munduan, etorkizuneko erronken aurrean, ekintza politikoaren erreferente nagusi izaten jarraitu behar dute", adierazi du.

   Ildo horretan, diskurtso "populistak eta muturrekoak" aipatu ditu, "bizikidetzaren eta Europako balioen mehatxu" direla ohartaraziz. Mehatxu horien aurrean, "giza eskubideak humanismoan oinarritzen den politika orientatu ahal izateko iparrorratza" direla ziurtatu du.

   Halaber gogorarazi du giza eskubideek araudi indarra dutela eta, hori dela eta, Giza Eskubideen Europako Auzitegia "segurtasun juridikoko bermea" dela. Bukatzeko, eskerrak eman dizkie Raimondiri, eginiko harreragatik, eta Manu Lezertua Arartekoari, René Cassini omenaldia egiteko ekitaldia antolatzen laguntzeagatik.

RENÉ CASSIN

   René Cassin 1887ko azaroaren 5ean jaio zen, Baionan. Zuzenbideko eta Historiako ikasketak egin zituen, eta Lehen Mundu Gerran ordurako bakearen alde eginiko borrokagatik zen ezaguna. Zenbait erakundetako kide eta sortzaile izan zen, besteak beste, Unescokoa. 1964an, Giza Eskubideen Europako Auzitegiko presidente izan zen, eta beste kargu garrantzitsuak bete zituen, besteak beste, Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Giza Eskubideen Batzordeko presidente.

   Funtsean Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalari eginiko ekarpenagatik gogoratzen da Cassin, erredaktore nagusietako bat izan baitzen. Adierazpena 1948an onartu zen eta, 20 urte geroago, 1968an, Bakearen Nobel saria eman zioten, adierazpenagatik beragatik. Saria banatzeko ekitaldian, Cassinek zer esan: "Ez da bakerik egongo planeta honetan, inon giza eskubideak urratzen jarraitzen badira". Sariaren bidez jasotako dirua Estrasburgoko Giza Eskubideen Nazioarteko Institutua sortzeko erabili zuen (René Cassin Fundazioa). Bertan izango da Urkulluk Estrasburgon izango duen bigarren ekitaldia.

   René Cassin saria Eusko Jaurlaritzak sortu zuen, beren jarduketaren bidez euskal gizartean giza eskubideen balioak sustatzen laguntzen duten pertsona fisiko edo juridikoen lana jendaurrean aintzatesteko. Abenduaren 10ean ematen da, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean.